Páginas

Paper-zorroa


Bada garaia blogaren atal honi hasiera emateko. Hasiera batean beldur ematen zidan zer idatziko nuen pentsatzen hastean. Agian gauza gehiegi ditut esateko, aldi berean bat ere ez. Kurtsoa hasi zenetik nire buruan milaka galdera aritu dira bueltaka, ez dakit onerako hala txarrerako, baina dakidana da kurtsoa bukatzerako ez dudala izango hasieran nuen iritzi berik. Besterik gabe, nire buruan geratu diren 180 gradutako aldaketak azaltzen hasiko nahiz.
Lehenik esan hezkuntzaren inguruko ikuspegi nahiko positiboarekin sartu nintzela gradu hau egitera. Ezin dut esan dena positibo ikusten nuenik, bizitzan ez dagoelako ezer perfekturik, baina dena delakoa ,orain dudan ikuspegiak gehiago lagunduko didalakoan nago. Izan ere, ez dut pentsatzen konformatzea bide egokiena denik, hori baita errazena eta gehienek egiten dutena eta ez nuke horretan erori nahi.

Irakasgai honetan ere, besteekin batera, asko jasotzen ari naizela iruditzen zait. Lehenik eta behin garrantzitsua iruditzen zait irakasgaia nola planteatu den, gaurko irakaste-ikaste prozesua gertatzen den moduari kritika zuzena eginez. Hasieratik hasten gara haurrak etorkizunerako prestatzen: goi-mailako ikasketak, lanpustu ona... Hau egiten hasten garen momentutik beste alderdi batzuk mugatzen hasten gara, non nire ustez garrantzitsuagoak suertatu daitezke egunerokotasunari aurre egiteko. Ona hemen malaguzziren poesian oinarritutako bideo bat,  non hitz gutxi esan arren gauza asko esaten dituen:






Bideoan esaten duen bezala haurrek 100 hizkuntza dituzte, baina helduoi, baita irakasleak izango garen heinean, ikastola eta bizitzarako prestatu behar ditugula  sartzen zaigu buruan. Askotan gu gara begietan hesgailuak ditugunak; izan ere benetan uste dut haurren pentsatzeko modua izango bagenu mundua askoz hobea izango litzatekeela eta, hala ere, gure ideia eta pentsatzeko moduekin moldatu egiten ditugu. Uste dut, haurrei haur izaten utzi behar zaiela: beren pentsatzeko, mundua ezagutzeko, deskubritzeko moduarekin.
Honekin esan nahi dudana da, beste gauza askoren artean, ez nagoela batere ados Lehen Hezkuntzan erabiltzen hasten den ebaluatze sistemarekin. Garrantzitsuagoa iruditzen zait haurrak egunerokotasunean behatzea eta ez, azken azterketa batean, hiruhileko batean egin duen ibilbide osoari nota bat jartzea. Izan ere, azterketa batek ikasi duzun guztia frogatzen ez duen zerbait dela pentsatzen duen horietako naiz. Eta uste dut, gradu honetan sartu garenetik horretaz jabetzera eraman gaituela. Gogoratzen dut lehenengo lauhilabetekoan irakasgai batean azterketarik egongo ez zela esatean ahozabalik geratu nintzela, ni eta baita klaseko beste guztiak uste dut. Agian noraezean, hain barneratuta nuen ikastolako ebaluaketa sistema, non kolokan geratu nintzen. Hala ere, egiaztatu dut askoz gehiago ikasten dela egunero-egunero zerbait egiten, azterketa baterako dena ikasten baino.
Bestalde, klasean irakasleok neutroak edo beligeranteak izan behar garen planteatu zenean ez nuen gaizki ikusten irakasleak bere ideiak plazaratzea, hau da, beligeranteak izatea ez nuen gaizki ikusten. Baina ikusi genituen kasuak kontuan hartuta argi geratu zitzaidala uste dut.  Lehenengo lauhilabetean baloreak transmititu behar direla aritu ginen gora eta behera, baina orain neure buruari egiten diodan galdera hauxe da: zer balore transmititu? Hau kontuan harturik, irakasleok hainbat haurrekin arituko garela eta hauetako bakoitza mundu bat dela kontuan hartu behar dugun lehenengo gauza dela uste dut. 
Hala ere, teoria hutsean oso polita geratzen da, baina gero praktikan dirudiena bezain erreza izango al da? Eta beligerantzia zenbait kasu gehienetan hain kritikatua baldin bada, zer egin? Dakidana da kontua saiatzea dela, ez badugu lortzen hori beste kontu bat da, baina saiatu behar gara neutralak izaten. Haur bakoitzak bere etxean ideia ezberdinak jasoko dituela ziur nago, beraz, horren arabera jokatu behar dugu. Gogoratzen dut ikastolan klasean ikusi genituen gaien inguruko eztabaidaren bat sortzen zenean, guk gure iritzia plazaratu eta eztabaidatu ondoren, irakaslearen iritzia entzuteko irrikarekin geratzen ginela, baina, nik gogoratzen dudala, ez genuen inoiz haien ekarpenik entzun. 
Artikulu bat irakurtzen ari nintzela, irakaslearen jarrerei buruz, baloreen sailkapen sinple bat egiten zuen: 

- Batetik, partekatutako baloreak zeuden. hauek gizartearen gehiengoak onartzen dituen ideiak egongo lirateke.
- Bestetik, partekatzen ez diren baloreak egongo lirateke. Honen barruan, gizartean gailentzen diren baloreekin bat ez datozenak (kontrabaloreak) eta bat datozenak baina partekatzen ez diren baloreak egongo lirateke.

Beraz, hau irakurri ondoren esan dezaket gorago bota dudan galdera nolabait erantzun dudala. Klase baten barruan hain haur anitzak aurkituko ditugunez gizartean gehiengoarengatik onartuta dauden baloreak soilik transmititzen saiatu beharko dugu. Kontrabaloreak alde batera utziz eta gure egiteko ahalik eta egokien aurrera eramanez, nahiz eta aurkituko gara egoera askoren aurrean non oso zail izango zaigun neutraltasun hau mantentzea. Hau dena Haur Hezkuntzan, izan ere, etorkizunean izango dute aukera, ideia ezberdinen munduarekin topatzen direnean, beren ideiak bereganatzeko eta ideia propioak izateko. 

Zer esan azkenengo hilabete honetan egiten aritu garen programazio eta unitate didaktikoari buruz. Hasieran ez nekizkien bi ariketa hauen nondik norakoak, entzunda nuen bai, baina ez besterik. Guzti honek balio izan dit konturatzeko hezkuntza gauza oso konplexu baten ondorio dela azkenean. Hala ere, urte oso batean emango diren eduki guztiak, beraien helburu eta abarrekin, definituta egon arren hezitzaile bakoitzak duen esentzia klase barruan geratzen dela eta, nere ustez, eduki guztiak baino askoz garrantzitsuagoak suerta daitezke. Izan daiteke urteko programazio oso ondo eraikita egotea, baina izan irakasle bat haurren ikas-prozesuaz paso egiten duena eta egunerokotasunean ezer inbolukratzen ez dena, beraz, zertarako balio dezake dena hain ongi antolatuta egotea? Beraz, horregatik iruditzen zait hain garrantzitsua etorkizunean izango garen irakasle bezala gure egitekoa ongi betetzea, ez soilik paper multzo batean idatzia egotea, baizik eta egunero-egunero  gure aldetik 100%a eskaintzea. Egia da, klasean noizbait hitz egin dugun moduan, hezkuntza programazio baten menpean egotean, hezitzaileon hezitzeko askatasuna nolabait mugatuta gera daitekeela, baina lehen esan dudan moduan nolabaiteko askatasuna badugu haurrekin klase bat emateko orduan, gure hezitzeko moduari dagokionez. Beraz, esan beharra dut, oinarrizko iruditzen zaidala nolabaiteko antolamendua. 
Irakasgai honi dagokionez, programazio  eta unitate didaktikoa egiteak asko lagundu digulakoan nago, nahiz eta, hasieran, honi buruzko inolako ezagutzarik ez izan eta nahiko noraezean ibili garen. Uste dut, lehenengo urtea izan arren, "dentro de lo que cabe" nahiko ondo atera dela emaitza eta, hobetzeko asko izan arren, ideia garbiago batekin bukatu dugula bigarren lauhilabete hau. Izan ere, lehen esan dudan moduan, hasieran ez nekien zertaz joango zen guzti hau. Beraz, nahiko larri ibili arren eta lehen kurtsorako gehiegizkoa iruditu arren gustora geratu nahiz lortu ditugun ezagutzekin.

Beraz, eta ondorio moduan esan, oso onteresgarria iruditu zaidala irakasgai honetan egin ditugun jarduera eta gogoeta guztiak eta nire ustez oso ondo uztartu dira kurtsoan zehar izan ditugun irakasgai guztiak. Egiteko asko dago hezkuntza moduan eta hezitzaile izango garenez horretaz kontziente izatea oso ondo etorri zait, lehen ez bait nuen orain dudan pentsatzeko modu berdina. Hurrengo kurtsora begira izugarrizko gogoak ditut aurrera egiteko eta nire aldetik ahalik eta gehiena ematen jarraitzea espero dut. Beraz, hau esanda oporretan pilak bete eta hurrengo kurtsoan jarraituko dugu ibilbide honetan, zer ikasia badut eta.





1 comentario:

  1. Kaixo Idurre, ez utzi paper-zorroa azken momenturako, bestela ezin dut zure segimendua egin. Komeni zaizu idazten hastea. Ideiak hartzeko irakurri besteen paper-zorroak! Animo!!!

    ResponderEliminar